Laguntza-produktuak: ohe artikulatua, gurpil-aulkia, audifonoa…
Desgaitasuna duen 18+ pertsona > Laguntza etxean eta/edo bizitza autonomoa izateko
Fitxa osoa kontsultatzen ari zara. Hemen informazio laburtua.
Zertan datza zerbitzu hau?
Zerbitzu honek laguntza ekonomikoak ematen ditu, edo desgaitasuna edo mendekotasuna (I., II., edo III. gradua) duten pertsonen autonomia pertsonala hobetzeko balio duten laguntza-produktuak eskaintzen ditu. Osasun-katalogoan sartutako laguntza-produktuak dira, osasun-araudian aurreikusitako baldintzetan (2.7.2.2 fitxa).
Helburu horrekin, dauden laguntza-produktuei buruzko informazioa eta orientazioa ematen du, eta produktu horietarako sarbidea errazten du. Erabiltzeko oinarrizko entrenamendua ere eskaintzen du hasieran.
Laguntza-produktutzat (edo laguntza teknikotzat) jotzen da autonomiaren mugak konpentsatu, arindu edo ezabatzen dituen tresna, ekipamendu edo sistema tekniko oro. Norberaren zaintzarako edo mugikortasunerako laguntzak izan daitezke (ohe artikulatuak, dutxarako aulkiak, mobilizaziorako garabiak, gurpil-aulkiak…), edo komunikaziorako laguntzak (entzumen-protesiak, pertsonen arteko komunikatzaileak, komunikaziorako gailu informatikoak…).
Laguntza teknikoak (laguntza-produktuak) honako hauek izan daitezke:
- Berreskuragarriak, onuradun batek baino gehiagok erabili ahal dituztenean eta tokiz aldatu ahal direnean, garraio-kostuak baino kostu handiagorik gabe. Beraz, mailegu bidez eskuratzen dira;
- Berreskuraezinak, beren ezaugarriak direla-eta bestera-ezinak direnean eta pertsona bakar bati mesede egiten diotenean. Kasu horretan, horiek erosteko diru-laguntzen bidez bermatzen da sarbidea.
Laguntza berreskuragarrietarako, zerbitzu hau dago, eta berreskuratu ezin direnetarako, laguntza-produktuak erosteko laguntza.
Zerbitzua etxean zein egoitzetan eskaintzen da.
Nork jaso dezake zerbitzu hori?
% 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonak, edo mendekotasun-egoeran dauden pertsonak.
Zein baldintza zehatz bete behar dira zerbitzua eskatzeko?
- % 33ko edo hortik gorako minusbaliotasuna eta/edo mendekotasuna onartua izatea.
- Ez dago adin-mugarik, honako kasu hauetan izan ezik:
- ibilgailu motordunak plataforma jasotzaileen bidez egokitzea (3 urte edo gehiago);
- entzuteko protesiak (16 urte edo gehiago).
- EAEko edozein udalerritan erroldatuta egotea, eskaera egin aurreko 12 hilabeteetan.
- Kontzeptu beragatik azken 6 urteetan laguntza edo laguntza teknikorik jaso ez izana (salbuespenak izan ezik)
Zenbat balio du zerbitzuak?
Koordainketaren menpe dagoen zerbitzua da, hau da, erabiltzaileak zerbitzuaren zati bat ordaintzen du bere egoera ekonomikoaren eta produktu motaren arabera.
Nori dagokio zerbitzu hori ematea?
Foru Aldundien ardura da zerbitzua ematea.
Non eska dezaket zerbitzua?
Zerbitzuaren eskaera zure auzo, udalerri edo eskualdeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan egin behar da.
Zerbitzu honetan interesatuta bazaude edo gehiago jakin nahi baduzu, Gizarte Zerbitzuetan lan egiten duten pertsonekin hitz egin dezakezu. Nola funtzionatzen duen eta laguntza hori nola balia dezakezun azalduko dizute.
Esaiguzu zure udalerria eta harremanetarako lekuak eta datuak adieraziko dizkizugu.